Legeztatzeak
Legeztatzea administrazio-egintza bat da eta horren bitartez atzerriko dokumentu publikoei baliotasuna ematen zaie, bertan agertzen den sinadurak egiazkoak direla egiaztatuz eta dokumentua sinatu duen agintaritzaren eginkizuna baietsiz.

Betebehar hori salbuesten duen tresna juridikoren bat egon ezean, atzerriko dokumentu publiko oro legeztatu behar izango da Espainian baliozkoa izan dadin eta, bestalde, Espainiako dokumentu publiko guztiak ere legeztatu beharko dira atzerrian baliotasuna izan dezaten. Jarraian, ohiko galderen erantzunak jaso dira.

 

Zein kasutan ez da beharrezkoa dokumentuak legeztatzea?

Munduko herrialdeen arteko harremana estutuz joan denez, herrialde askok euren herritarrei izapideak errazteko hitzarmenak izenpetu dituzte eta Espainiak ere hala egin du.

 

Ildo horretan, gaur egun indarrean dagoen akordiorik esanguratsuena 1961eko urriaren 5ean izenpetu zen Hagako XII. Hitzarmena da, Dokumentu Publikoak Legeztatzeko Beharra Ezabatzen duena, eskuarki Hagako Apostilla Hitzarmena deritzona.

 

Herrialde askok izenpetu dute hartzaile eta igorleentzat izapideak errazten dituen itun hau. Testuak zera adierazten du: estatu kideen artean dokumentuak baliozkotzeko hauek legeztatzea ez dela beharrezkoa izango; hala ere, zigilu edo apostilla ezarri beharko zaie. Hortaz, behar izanez gero, Justizia Ministerioan eskuratuko duzu horri buruzko informazioa (Calle de la Bolsa, 8. 28071 Madril Tel. 902.007.214). Hau da akordioa izenpetu duten herrialdeen zerrenda osoa.

 

Horrez gain, dokumentu batzuk legeztatzeko beharra ezabatzen duten beste hitzarmen batzuk ere badaude. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak idatzitako informazio-testu honetan adierazten dira zein herrialde eta zein dokumentu mota salbuesten diren.

 

Aurreko akordioetan agertzen ez direnak legeztatu beharko dira.

 

Zein dokumentu mota legeztatu daiteke?

Bai jatorrizko dokumentuak, bai hauek igorri dituzten Administrazio Publikoko Agintariek eskainitako kopiak legeztatu ahal izango dira, baita Notario bati dokumentuak entregatu ostean honek gauzatutako autentikotasun lekukotzak ere.

 

Zenbat balio du dokumentu bat legeztatzeak?

Legeztatzea doan izango da Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak gauzatzen badu (C/ Pechuán, 1 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55). Espainiako enbaxada edo kontsulatu batek burutuz gero, tasa bat ordaindu beharko da. Informazio zehatzagoa lortzeko xedez, dagokion Espainiako ordezkaritzarekin zuzenean harremanetan jartzea gomendatzen da.

 

Legeztatzeek iraungitze-data dute?

Ez. Legeztatzeek ez dute iraungitze-datarik. Hala ere, igorritako dokumentuak iraupen zehatza izanez gero, legeztatzeak iraupen bera izango du. Bestetik, ez dago dokumentu bat legeztatzeko denbora-mugarik. Interesdunak edozein momentutan eskatu ahal izango du.

 

Espainiako agintaritzek igorritako zein dokumentu erabili ohi da atzerrian?

Estatuko agintaritzek igorritako dokumentu guztietatik honako hauek izan daitezke baliozkoak atzerrian:

 

Estatuko Administrazio Orokorrak igorritakoak

Maila honetan sartzen dira bertako agintari edo funtzionarioek igorritakoak, baita Estatuko Administrazio Orokorraren egituran dauden organismo, erakunde publiko eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileek igorritakoak ere.

 

Lehenik eta behin, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalean legeztatu beharko dira dokumentuak (C/ Pechuán, 2 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta ondoren, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen enbaxada eta kontsulatuetan.

 

Autonomia Erkidegoek igorritako dokumentuak

Atal honetan biltzen dira Autonomia Erkidegoetako agintari, funtzionario eta erakunde publikoek igorritako dokumentuak.

 

Honako ordena jarraituz legeztatu beharko dira: lehenengo, dagokion Autonomia Erkidegoko Legeztatze Atalak (zerrenda honetan kontsulta daitezke guztien helbideak eta harremanetarako datuak), ondoren Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak (c/ Pechuán, 2 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta azkenik dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen enbaxada eta kontsulatuak.

 

Tokiko erakundeek igorritako dokumentuak (Udalak, Diputazioak, Kabildoak, Mankomunitateak, etab.)

Dokumentu hauek legeztatzea lehendabizi Ogasun eta Herri Administrazio Publiko Ministerioari dagokio, bi salbuespenekin. Lehen salbuespena Madrilgo Udaleko dokumentuei aplikatzen zaie, zuzenean Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioan legeztatu daitezke eta. Bigarren salbuespena orokorra da eta auzibidea edo bide notariala irekitzen du kasu guztientzat.

 

Horren ostean, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalaren betebeharra izango da dokumentuak legeztatzea (C/ Pechuán, 1 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta azkenik, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen onetsitako ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak legeztatu beharko ditu.

 

Notario-dokumentuak

Notarioa da dokumentu mota hauetan fede ematearen erantzule: eskriturak, aktak, legitimazioak, konpultsatzeak, egiaztapenak, eta beste hainbat dokumentu.

 

Notarioaren bitartez legeztatu behar dira, honako ordena honetan: notarioak, notarioen elkargoak (kontsultatu Espainian dauden elkargoen zerrenda), Justizia Ministerioa-Legeztatzeak (C/ de la Bolsa, 8 - 28071 Madril Tel. 902007214), Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak (c/ Pechuán 1 – 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta azkenik, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen onetsitako ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak legeztatu beharko ditu.

 

Dokumentu judizialak

Hemen sartzen dira jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-aktak; ezkontzeko gaitasunaren ziurtagiriak; bizi- eta egoera-ziurtagiriak; ebazpen judizialak, etab.

 

Horiek guztiak auzibidez legeztatu beharko dira. Honako hauek dira legeztatzea aurrera eraman beharko dutenak: dagokion erkidego autonomoko auzitegi nagusiak (helbideak zerrenda honetan kontsulta daitezke); Justizia Ministerioa-Legeztatzeak (C/ de la Bolsa, 8 - 28071 Madril Tel. 902007214), Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak (c/ Pechuán, 1 - 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta azkenik, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen onetsitako ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak legeztatu beharko ditu.

 

Merkataritza-dokumentuak

Jatorri-ziurtagiriak, salmenta askearen ziurtagiriak, enpresen fakturak eta beste hainbat merkataritza-dokumentu. Dokumentu bakoitza erakunde ezberdinek legeztatu beharko dute dokumentu motaren arabera.

 

  • Esportazioei buruzko dokumentuak, lehenengo, dagokien probintziako Merkataritza Ganbarak eta ondoren Merkataritza Ganbara, Industria eta Nabegazio Kontseilu Nagusiak legeztatu beharko dituzte (C/ Ribera del Loira 12 – 28042 Madril. Tel: 91 590 69 00).
  • Banku-dokumentuak hainbat erakundek legeztatu ditzakete. Espainiako Bankuak igorri izanez gero, izapidea edozein egoitzatan gauza daiteke (kontsultatu zerrenda). Nazio-mailako banku erakundeek igorritako dokumentuak erakunde horien bulego nagusian, Madrilgo egoitzan edota Espainiako Bankuan legeztatu daitezke. Azkenik, hiriburuan bulego nagusirik ez duten toki mailako bankuek igorritako dokumentuak Espainiako Bankuaren probintzia-ordezkaritzan legeztatu ahal izango dira. Banku-dokumentuak, halaber, auzibidez legeztatu ahal izango dira.

 

Edonola ere, merkataritza-dokumentu guztiek Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Ataletik igaro beharko dute (c/ Pechuán, 1 - 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta azkenik, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen onetsitako ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak legeztatu beharko ditu.

 

Zinpeko itzulpenak gaztelaniatik beste hizkuntzetara

Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak izendatutako zinpeko itzultzaile edo interprete batek itzuli izan beharko ditu. Dokumentuak eragina izango duen herrialdeko enbaxada edo kontsulatuari galdetu beharko zaio Espainiako itzulpen ofiziala bertan baliozkoa den ala ez. Baliozkoa ez baldin bada, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak legeztatu beharko du.

 

Dokumentu akademikoak

Espediente edo ziurtagiri mota bakoitza legeztatzeko jarraibide ezberdinak jarraitu beharko dira.

 

Goi-mailako irakaskuntzako dokumentu ofizialak.

Nazio-mailan baliozkoak direnak.

 

Unibertsitateko tituluak erakunde honek legeztatu beharko ditu:
Tituluak eta Kualifikazioak Aitortzeko Zuzendariordetza Nagusia.
Calle Torrelaguna, 58
28027 – Madril


Unibertsitatekoak ez diren tituluak erakunde honek legeztatu beharko ditu:
Tituluen eta Unibertsitatekoak ez diren Atzerriko Ikasketen Baliozkotze Zerbitzua.
Calle Los Madrazo, nº 15, 3ª planta
28071-Madril

 

Bi horiek Hezkuntza, Zientzia eta Kirol Ministerioaren dibisioak dira.

 

Goi-mailakoak ez diren irakaskuntza dokumentu ofizialak

autonomia erkidegoetako ikastetxeek igorritakoak dira. Hezkuntza Sailari edo eskualdeko erakunde baliokideari dagokio horiek legeztatzea.

 

Instituzio pribatuek igorritako dokumentu ez ofizialak

Dokumentu hauek notarioak, notarioen elkargoak (kontsultatu Espainian dauden elkargoen zerrenda) edo Justizia Ministerioaren Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak legeztatu beharko ditu (C/ de la Bolsa, 8 - 28012 Madril).

 

Edonola ere, legeztatze prozesua ez da amaitutzat joko Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak (c/ Pechuán, 1 - 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55) eta dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen onetsitako ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak baliozkotzen duten arte.

 

Erakunde erlijiosoen dokumentuak

Eliza Katolikoak igorritako dokumentuak Elizbarrutiaren Nuntziatura Apostolikoak eta/edo Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak legeztatu beharko ditu (c/ Pechuán, 1 - 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55). Izapide hau auzibidez ere gauza daiteke.

 

Beste erlijio agintaritza batzuek igorritako bi dokumentu mota bereizten dira:

  • Espainiako Erregistro zibilean erregistratuta daudenak, besteak beste: ezkontza koranikoak, errabinikoak edo ebanjelikoak. Ezkontza-ziurtagiria igorri zuen erregistro zibilaren arabera, dagokion autonomia erkidegoko auzitegi nagusiaren, Justizia Ministerioaren Legeztatze atalaren (C/ San Bernardo, nº 45 - 28071 Madril. Tel: 91 390 20 10) eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalaren betebeharra izango da dokumentuak legeztatzea (C/ Pechuán, 1 - 28002 Madril. Tel: 91 379 16 55).
  • Espainiako erregistro zibiletan erregistratuta ez daudenek auzibidera jo beharko dute.

 

Bi kasuetan, dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian duen ordezkaritza diplomatiko edo kontsularraren ordezkaritzak dokumentuak legeztatzen dituenean amaituko da legeztatze prozesua.

 

Mediku-ziurtagiriak
Mediku fakultatiboak xede horrekin moldatutako inprimaki ofiziala bete ondoren, sinatu eta elkargokide gisa jarduten duela egiaztatzen duen zigilua ezarri beharko du. Jarraian, dokumentu hori legeztatu nahi duen pertsonak Espainiako Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusira (Plaza de las Cortes, 11 4º - 28014 Madril. Tel: 91 431 77 80) edo probintziako medikuen elkargora jo beharko du. Probintzietako medikuen elkargoen zerrenda esteka honetara joz kontsulta daiteke.

 

Albaitari-ziurtagiriak

Albaitari-ziurtagiria jasotakoan, dagokion Gobernuaren Ordezkaritza edo Ordezkariordetzara jo beharko da eta bertan, etxe-abereen osasun-ziurtagiria eskuratu ahal izango da.

 

Ziurtagiri horiek erakunde hauetan legeztatu beharko dira:

  • Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Produkzio eta Nekazaritza Merkatuen Zuzendaritza Nagusian (calle Almagro, 33, Madril).
  • Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioan.
  • Legeztatze Atalean.
  • Dokumentuaren xede den herrialdeak Espainian onetsita duen Ordezkaritza Diplomatiko edo Kontsularrean. Bestalde, gomendagarria da helburuko estatura etxeko animaliak esportatzeari buruzko gainontzeko betebeharrak kontsultatzea.

 

Dokumentu bat legeztatzea ukatu al daiteke?

Bai. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak ez ditu kasu hauetan dokumentuak legeztatuko:

  • Aurkeztutako jatorrizko dokumentua dokumentu publikoa edo notario baten bitartez publiko egin den dokumentu pribatua ez bada.
  • Araudiak ezartzen dituen agintaritzek egin beharreko aurreko legeztatzeak burutu ez badira.
  • Legeztatu beharreko sinadurak Ministerioaren Legeztatze Atalean ez badaude.
  • Hala ere, legeztatzea ukatuz gero, errekurtsoa jarri ahal izango da Espainiako legeek horretarako ezartzen dituen bideak jarraituz (Administrazio Publikoen eta Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeak, hain zuzen ere).

 

Atzerriko zein dokumentu legezta daiteke Espainian erabili ahal izateko?

Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztatze Atalak hauek onartuko ditu soilik:

  • Jatorrizko dokumentu publikoak
  • Erakunde igorle berak eskainitako jatorrizko dokumentuen kopiak
  • Espainiak atzerrian dituen ordezkaritzek konpultsatutako dokumentuen kopiak, aldez aurretik bide diplomatikoaren bitartez legeztatu badira edo apostilla ezarri bazaie.
  • Notarioen kopiak

 

Legeztatu nahi diren dokumentuak itzuli behar al dira?

Espainiako agintaritzek igorritako dokumentuak atzerrian erabili nahi izanez gero, interesdunak tokiko legeria kontsultatu beharko du, bertan ezartzen baita itzulpenak beharrezkoak diren ala ez. Normalean, herrialde gehienek dokumentuak bertako hizkuntza ofizialean edo ofizialetan onartzen dituzte soilik.

 

Espainian erabiliko diren atzerriko dokumentuak gaztelaniara itzuli beharko dira. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak itzulpen ofizialak besterik ez ditu onartuko:

  • Ministerioak izendatutako itzultzaile edo interprete espainiar batek Espainian itzulitakoak (itzulpenak ez dira legeztatu beharko eta baliozkoak izango dira izapide gehigarririk aurrera eraman behar izan gabe)
  • Atzerrian dagoen Espainiako ordezkaritzaren batek itzulitakoak (Ministerioaren atal eskudunak legeztatu beharko ditu)
  • Espainian dagoen eta dokumentua igorri duen estatuaren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrak itzulitakoak (Ministerioaren atal eskudunak legeztatu beharko ditu)

 

Zer da bide diplomatikoa eta noiz erabiltzen da?

Izapidea errazteko hitzarmena izenpetu ez duten estatuek igorritako dokumentu publikoak legeztatzeko erabiltzen den prozedura da bide diplomatiko bidezko legeztatzea. Orokorrean, partaide diren bi agintaritzek, nork bere kabuz, dokumentua legeztatzean datza.

 

Dokumentua igorri duen agintaritzak kontsulaturik izan ezean, jatorrizko Estatuko Kanpo Arazoetako Ministerioa arduratuko da dokumentua legeztatzeaz, baita Espainiak herrialde hartan duen ordezkaritza diplomatiko edo kontsularra ere.

 

Dokumentua Espainian behar bezala onetsitako agintaritza kontsular batek igorritakoa izanez gero, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren legeztatze atala soilik arduratuko da dokumentua legeztatzeaz.

 

Kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren arabera, honako dokumentu hauek ez dira legeztatu beharko:

  • Espainiako Enbaxada eta Kontsulatuen erregistroetan aurkezten diren dokumentu akademikoak.
  • Espainiako Hezkuntza Ministerioan aurkezten diren dokumentu akademikoak.
  • Segurtasun etiketa gardena duten eta atzerrian dauden Espainiako Kontsulatu edo Enbaxadek legeztatu dituzten atzerriko dokumentuak ez dira atal honetan legeztatu behar izango.

 

Nola legeztatu behar dira gerra-materialen merkataritza edo antzekoei buruzko dokumentuak?

Defentsa edo erabilera bikoitzeko (hau da, militarra eta zibila) materialen salerosketari buruzko atzerriko dokumentuak Espainiak herrialde igorlean duen ordezkaritzan eta/edo estatu igorleak Espainian duen ordezkaritzaren bitartez legezta daitezke. Bi kasu horietan, izapidea gauzatzen duen diplomazialariak sinadura Ministerio honen Legeztatze Atalean erregistratua izan beharko du.

 

Horrez gain, mota horretako dokumentuek Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren legeztapen berezia beharko dute.

Espainian dauden atzerriko enbaxada eta kontsulatuek igorritako zein dokumentu legeztatzen ditu zuzenean Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak?

Espainian dauden eta zerrenda honetan agertzen diren atzerriko ordezkaritzek zenbait dokumentu igortzen dituzte, esaterako, aurrekari penalen ziurtagiriak eta tokiko erregistro zibiletan dauden egintzen ziurtagiriak. Dokumentu horiek Legeztatze Atalak legeztatzen ditu zuzenean, herritarrei eragozpenak eragin behar izan gabe.

 

Dokumentuak legeztatzeko irizpidea zenbait kasutan korapilatsua eta luzea izan daiteke interesdunentzat. Jakinaren gainean dago Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioa eta horregatik, 91 379 16 55 telefonoa eta legalizaciones@maec.es helbide elektronikoa jarri ditu herritarren eskura, zalantzak argitzeko xedez. Posta elektroniko bat idatziz gero, adierazi izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat, mesedez.

 

 

Nabarmenduak

  • Inscríbete en el Registro de Viajeros
  • Recomendaciones de Viaje
  • Fichas por país
  • Cuenta de Twitter del Ministerio en Inglés
  • Blog del Ministerio
  • ATLAS
  • Página de Participación Ciudadana
  • Página Portal de Transparencia
  • MAEUEC / Sede Palacio de Santa Cruz
    Plaza de la Provincia, 1
    28012 MADRID
    Tfno: 91 379 97 00
  • MAEUEC / Sede Palacio de Viana
    Duque de Rivas, 1
    28071 MADRID
    Tfno: 91 379 97 00
  • MAEUEC / Sede Torres Ágora
    Serrano Galvache, 26
    28033 MADRID
    Tfno: 91 379 97 00
  • AECID
    Avda. Reyes Católicos, 4
    28040 MADRID
    Tfno: 91 583 81 00 / 01
    Fax: 91 583 83 10 / 11
  • Dirección General de Españoles en el Exterior y de Asuntos Consulares
    C/ Pechuán, 1
    28002 MADRID
    Tfno: 91 379 17 00
Gobierno de España
©Ministerio de Asuntos Exteriores, Unión Europea y Cooperación
Portal gestionado por la Dirección General de Comunicación e Información Diplomática
Premio Ciudadanía 2016
Premio Ciudadanía 2016